LENGUA Y CULTURA.

Oso beldur naiz artikuluska hau errepikaren hutsa izango ote den. Euskara eta nazio-eraikuntza gaiaren inguruan, dena esana baitago; eta zertan aldatzerik ez baitago.

Euskal nazio-mugimendua gaur zertan den, eta nolatan horretara den aztertzeko, Euskal Herria joan den mendean no kodatu zen gogoratu behar da aurrenik. Eta Euskal Herria, oro har, eta batez ere arroztuta ez zegoen eskualdeetan, karlista zen.

Gure herria, hitz batez, bere buruaz kontzientzia hartzen hasi zenean, ikusmolde dinastiko arrotz baten jopu zen: "Don Carlos sí" (edo "Don Carlos no").

Elizaren eragin harrigarriaren menpeko zelarik, gure herri-mugimenduak intsentsu kutsu gaitza zeukan; eta herri xeheak (bertsolariak lekuko) ontzat ematen zuen gure eskubideak Elizaren bitartez eta Elizaren zerbitzutan eskuratuko zirela; ala ez zirela eskuratuko.

Klase-interes izkutuak bilatzea, bidezkoa da. Noski! Baina hemen herri desberdin bat zegoela kontutan ez hartzea, zentzugabekeria da. Europa guztian gertatu dira horrelako nazio-pizkundeak; eta herri honen borrokaren naziotasun-izariari ez ikusia egitak, alienaziora garamatza, eta ez beste inora.

Jakina: naziotasunari muzin edo ezikusia egiten dioten ikusmolde guztiek, oso prentsa ona dute Madrilen.

Baina herri hau osoki alientatuta egon da mendetan barrena (ez baita batere harritzekoa). Parisen eta Madrilen askoz ere gogokoago dituzte azalpen dinastikoak, erlijioaren araberako ikusmoldeak; are, oraintsu arte, hyper-kasismo sasi-marxisten aldetik gertakariak argitu nahia.

Nafarroa bera ere (eta ondoriozko "navarrismo" naziogabea gauza bertsua) euskal nazio-arazoa hizkuntzatik at planteatzeko modu bat besterik ez da izan.

Hemen oraindik ere, edo raintsu arte bederen, euskalduntasuna eta Euskal Herriaren nazio-eskubideak defenditzekotan, beste zerbaitetatik egin behar zen: "euskaldun, fededun"; "vasco, demócrata"; "basque, révolutionnaire de gauche radicale"; eta abar luze bat.

Euskal Herria, izendapenak berak adierazten duenez, euskararen herria izanik ere; Euskal Herriaren berreskurapena zein nahi aldetatik onartu izan da aisago, bere kultura eta hizkuntzaren izaritik baino. Horri alienazio deritzo.

Hala ere, gure kasoa ez da batere bakarra. Estonian, "eesti" hitzak batera adierazten du Nazioa eta nazio-hizkuntza. Gauza bera Finlandian, "suomi" hitzak batera adierazten du nazio-hizkuntza eta suomitarren nazioa (Baita Estatua bera ere).

Hala ere, aski dugu Kataluña aldera bidaia bat egitea, eta han ere nazioaren ardatza hizkuntza dela itsu batek ere erreparatzen du nahi ta nahi ez.

Gure separatismoa (zergatik ez?) naziotasunaren defentsan dauka bere oinarria: berezi egin nahi dugu, dudarik gabe, geure eskubidea delako. Baina eskubide izateaz gain, beste biderik ez baitugu somatzen geure nazio-nortasuna, eta honen ardatzean geure nazio-hizkuntza, Espainiaren eta Frantziaren menpean bermatzeko biderik.

Gure independentzi-egarriak, beraz, kultur helburua du funski: nazio-hizkuntzaren berreskurapena ez da dena, noski. Baina geure nazio-hizkuntza galdurik, Euskadi Estatua sortzeko beharrik batere ez dugu ikusten.

Euskaltzaletasunak independentismora eramaten gaitu. Eta itzuletara ere: independentismoak euskaltzaletasunera. Euskara da batera Euskal Herriaren ardatza eta abertzaletasunarena.

Urte mordo bat joan zaigu hau garbi ikusteko. Gure gazte-denboran oso normala zen hau entzutea: "el euzkera es muy importante, pero no impscindible. Vuestra menalidad es una exageración guipuzcoana. Una Euzkadi sin euskera ez perfectamente posible y deseable"...

Giro horretan hezi gara gu. Katalanak, suomitarrak eta esloveniarrak ez.

Gauzak aurrera joan dira gurean. Gero eta nabarmenagoa agertzen da aldaketa hau.

Baina oraindik ere badago zer eginik eta zer borrokaturik alor horretan.

Orain gora datorren belaunaldiak ez du arazo handirik izango ideia hauek abertzaleen artean onar arazteko.

Lanak izango ditu, hori bai, ezagueraren eta erabilpenaren mailan, nazio askatuen normaltasunera heltzeko. Horretan bai.

Baina nik neuk bederen zalantza izpirik ez dut egiten: Euskal Herria nazio askatua izango da aurki; eta nazio euskalduna ere bai.

Jose Luiz Alvarez Enparantza "Txillardegi".